XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez nituzke beste gabe gaitzetsi egingo (inork ez omen du egiten ahal duen baino gehiago), baina are gutxiago ikusi nahi nituzke metodo bihurtuta.

1960-1980 artean zerbait egin bada, eta orain ikastolak eta Unibertsitatea zerbaitetarako baldin badauzkagu, ba, berriro lehengo falta berberak ez egiteko gutxienez, balio beharko ligukete.

Ezer gabe geratu denaren errekuperazio urgente batzuk egiteko ahaleginak bezala, orain arteko historigileek eta historigintzak beren moduak izan dituzte, beren eginkizuna (dibulgaziozkoa gehienbat) bete dute.

Horrela idatzi da garai bateko saioa.

Eta horra nire lehenengo oharra: Landaren historia hau ere saio bat da, saio gisa egina, ez azterketa gisa.

Apropos dago saio gisa egina: inon ez zaigu agertzen zein erizpiderekin jokatu den, ez zein alderdi poetiko bereziki kontsideratzen edo deskontsideratzen den historia honetan, etc.

Guzti horretan Landak oso libre jokatzen du.

Saio batetako libertatearekin.

Eta, nire kontzientziarako, lehenagoko gure saio-moduaren antzekoegia da, saio haren alderdi positiboenak ez ziren alderdi askotan.

Beldur naiz, beraz, saio honek, besterik nahi bazuen ere, topiko batzuen konfirmazioa gehiago eragingo duela, haien berrikusketa baino (Lizardi eta besteren baten kasua salbu); hutsune batzuk areagotu egingo dituela, betetzen lagundu baino.

Jakina, hemen, harrapatuta nago: hitzaurrean bertan esaten bait zait, falta diren izen batzuk, esate baterako, ez direla falta zabarkeriaz edo olbidoz, Landak halaxe eritzi diolako baino.

Eta honelako garbitasun bat poeta bakoitzaren alderdi edo baliapide poetikoei berdin aplikatzen badiet, galduta nago, kritikarik egiteko orduan.

Triku honi ez dago nondik heldu.

Halere, nik ere neure inpresio orokor batzuk autorearen inpresioen truke emateko, zerbait konkretuago izaten ausartuko naiz.

Ez dut isilduko Lizardiri emandako tratuak eman didan sustoa.

Lizardiren arrakasta Orixerenagoa da nonbait, Lizardirena baino.

Oso Lizardi gutxi utzi digu Landak.

Hasieran gaude eta, martxa honetan ez dakit zeinek salbatu behar duen, pentsatzen duzu.

Salbatzen dira batzuk, bai, eta ez doi-doi zuk uste zenituenak.

Pott eta, igoal inportanteagoak dira Lizardi baino...

Lehenengo salbatua Lauaxeta da.

Hau, konpentsazio-moduan edo, errekuperatu egiten da.

Lizardiri kontrajarria dator (azken aldian joera dagoen bezala, ez dakit zergatik), eta justizia berriaren arabera, Lizardi behera ekartzen den tokian Lauaxeta gora eramaten da.

Ni neu ez naiz ikaragarri Lauaxetazalea (aukeran Lizardizaleago behintzat), baina hasieran gaude.